Seinale hori 2000 urte Ka. jada ezagutua zen Induseko eskualdean. Gaur egun kontinente guzietan aurkitzen da, maiz antzinate zaharrenetik. Frantzian, eskualde anitzetan aurkitzen da (Savoie, Auvergne, Biarnoa…) ateburuetan, altzari eta eguneroko gauzetan zizelkaturik.
Lauburuak svastikarekin daukan ahaidetasuna nabarmena da. Hain zuzen ere, oroitarazi behar dugu gurutze gamatua nazismoa baino askoz ere zaharragoa dela. Euskal Herrian, gurutze gamatuak lauburuak dauden leku eta egoera beretan aurkitzen dira : ehortz-oroitarrietan eta etxeko gauzen apainduran… Alta, zibilizazio batzuetan gurutze gamatuaren noranzkoak zorte ona ala txarra adierazten badu ere, eskuinaldera ala ezkerraldera itzulia den arabera, ez dirudi euskal gurutzearen biraketa zentzuak esanahi berezirik duenik. Alabaina, simetria arrazoiengatik, bi bertsioneak bata bestearen ondoan aurkitzen dira (ateburu eta portaletan, besteak beste).
Batzuentzat gurutze komaduna jatorriz euskalduna ez dela penagarri da. Horiei gogorarazten diegu "kultura baten berezitasuna kanpotik datorrena era sortzailean irensteko daukan gaitasunaren arabera neurtzen dela" (Sergeï S. A VERINTSEV). Aski da hilarri, ateburu, pilotaleku, altzari, loza, bitxi, jantzi eta surf oholetan agertzen diren lauburuaren irudikapenak behatzea ulertzeko zer puntutaraino sinbolo hori Euskal Herriaren ikurra eta Euskal Herriak bere nortasuna atxikitzeko nahiaren sinbolo bihurtu den.
Hala, "euskal gurutzea" daraman bitxi bat opari gisa jasotzen duenak ulertu behar du ezin eskertuzko oparia dela : alde batetik, funtsezko sinbolo unibertsala baita (Eguzkia), bestetik euskal populu zaharraren mezua partekatzera gonbidatzen baitu : beren sustraiei atxikiak direnek uste dute mundua zuhaitz bat dela, planetako kultura guziek edanarazi behar dutena, ezagutza, tolerantzia, justizia eta bakea deitu fruituak gara daitezen.